2. Giza eskubideen aldeko erakunde publikoak, giza eskubideen balio eta printzipioen sustatzaile gisa
Parisko Printzipioak, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1993ko abenduan onarturikoak, dira giza eskubideen aldeko erakunde nazional/publikoen funtzioei buruz nazioartean den erreferentziako araudi nagusia124. Printzipio horietan lehenak adierazten du erakunde horiek eskumena dutela giza eskubideen sustapen eta babesaren arloan”.
Arartekoaren kasuan —1979ko Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuan aurreikusitako erakundea (15. artikulua)—, “bere xede nagusia da herritarrak agintari eta agintaritzen gehiegikerietatik eta Euskal Herri Administrazioaren utzikerietatik babestea”125. Xede “nagusi” horretaz gain, Arartekoak bere gain hartzen du politika publikoak ebaluatzeko erantzukizuna, bai eta giza eskubideak, horien oinarri diren balioak eta giza eskubideak errespetatzeko kultura sustatu eta defendatzekoa ere126. Europako Herritarren Defentsa Bulegoen eginkizunen analisi konparatu bat eginez gero, ikus liteke ia era horretako erakunde guztiei eman zaiela administrazioaren lana indarrean dagoen esparru juridikoaren argitan aztertzeko eginkizuna, horien barnean direla, noski, giza eskubideen estandar arauemaileak127.
Giza eskubidetzat eskubide zibil eta politikoak nahiz eskubide ekonomiko, sozial eta kultural (EESK) deiturikoak hartzen dira128. EESK-k pertsonentzako oinarrizko eskubide gisa aitortzen dira hala barne zuzenbidean nola nazioarteko zuzenbidean129. Nazio Batuetako EESKen Batzordeak, Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituna (EESKNI) betearazteko arduradunak, adierazi du giza eskubideen aldeko erakunde publikoen “lana erabakigarria izan daitekeela giza eskubideak sustatzeko eta giza eskubideen banaezintasuna eta elkarren arteko mendekotasuna bermatzeko”130.
1978ko Konstituzioko 9.2 artikuluak hauxe ezartzen du:
“Botere publikoei dagokie inguruabar zehatzak sustatzea, gizabanakoaren eta berak osatzen dituen taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izan daitezen; oztopoak kentzea, horiek haien osotasuna eragotzi edo zailtzen badute; eta herritar guztien parte-hartzea erraztea, bai bizitza politikoan, baita ekonomia-, kultura- eta gizarte-bizitzan ere”.
Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuko 9.2 artikuluak ezarritakoaren arabera, euskal botere publikoei dagokie “hiritarren oinarrizko eskubide eta betebeharren erabilpen egokia” zaintzea eta bermatzea, ”bizitzeko eta lan egiteko kondizioen hobekuntza ekar dezakeen politika bereziki” bultzatzea, “enpleguaren gehikuntza eta ekonomiaren egonkortasuna suztatzen lagun dezaketen neurriak” hartzea eta “gizabanakoaren eta berori sartuko den taldeen askatasuna eta berdintasuna zinezkoa eta egiazkoa izan daitezen, diratekeen oztopoak erauzteko eta aldeko kondizioei eragiteko neurriak” hartzea.
Bestalde, Espainiak 1977ko apirilean berretsi zuen EESKNI131. Horrez gain, nazioarteko beste itun batzuk ere berretsi ditu, hala nola giza eskubideen sistema unibertsalarena, Lanaren Nazioarteko Erakundearena eta giza eskubideak babesteko Europako sistemarena. Gainera, Espainia izan zen Europako lehen herrialdea EESKen Nazioarteko Itunaren Hautazko Protokoloa berresten, 2010eko irailean. Hori indarrean sartzean, banakoek aukera izango dute kexak jartzeko, baldin eta eskubide horietakoren bat urratu bazaie. Nazioarteko tresna horiek denak barneko esparru juridikoaren zati dira, Konstituzioko 96.1 artikuluaren argitan:
“Baliozkotasunez eginiko nazioarteko itunak Espainian modu ofizialean argitaratu eta gero, barne-antolamenduaren osagai izango dira. Haien xedapenak indargabetu, aldatu edo eteteko, nahitaezkoa da itunetan euretan ezarritako moduan egitea edo nazioarteko zuzenbideko arau orokorrak betetzea”.
Karta magna horrek, 10.2 artikuluaren bidez, botere publikoei eskatzen die har dezatela kontuan giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea, eta batez ere 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, Konstituzioko I. Tituluan aitortutako eskubideak eta askatasunak interpretatzean.
Nazioarteko Zuzenbidearen ikuspegitik, 1969ko Tratatuen Zuzenbideari buruzko Vienako Konbentzioak, zeinari 1972ko maiatzean atxiki baitzitzaion Espainia132, “pacta sunt servanda” izeneko printzipioa jasotzen du 26. artikuluan; horren arabera, “indarrean den tratatu orok behartu egiten ditu alderdiak, eta haiek fede onez bete behar dituzte”. 27. artikuluak, aurrekoaren korolarioak, hauxe dio: “Alderdiek ezingo dituzte beren barne zuzenbideko xedapenak arrazoitzat hartu tratatu bat ez betetzeko justifikazio gisa”. Ohiturazko araua da hori, Nazioarteko Justizia Auzitegiak halakotzat joa. Hain zuzen, nazioarteko zuzenbide publikoaren printzipio orokortzat hartzen du estatuen arteko harremanetan ezin zaiela barne zuzenbidea gailendu nazioarteko tratatuetako xedapenei133.
Nahiz eta esparru juridikoan sartu diren eskubide sozioekonomikoek gabezia handiak izan (horri buruz jardungo dugu aurrerago), baiezta dezakegu Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean den esparru juridikoak, zeinak barne hartzen baititu erkidegoko, estatuko eta nazioarteko araudiak, aitortzen duela eskubide sozioekonomikoak giza eskubideak direla.
124 Nazio Batuetako Batzar Nagusia, 48/134 Ebazpena, 1993ko abenduaren 20koa, Eranskina. Defentsa-bulegoak giza eskubideen erakunde nazional moduko bat dira (giza eskubideen aldeko batzordeekin, bitartekariekin edo interes publikoaren defendatzaileekin batera). Termino horrek nahasbidea ekar dezake Euskadiren testuinguruan, eta, horregatik, azterlan honetan “nazional” hitzaren ordez “publiko” erabili dugu.
125 “Arartekoa” erakundea sortu eta arautzeko otsailaren 27ko 3/1985 Legea, 1.2 artikulua (EHAA, 63 zk., 1985eko martxoaren 22koa).
126 Ararteko erakundearen antolaketa eta funtzionamenduaren Araudia, 2. artikulua (EHAA, 56. zk., 2010eko martxoaren 24koa).
127 Gabriele Kucsko-Stadlmayer (ed.), European Ombudsman-Institutions: A comparative legal analysis regarding the multifaceted realisation of an idea, Springer, 2008.
128 “Eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak” 1966ko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean aitortutako eskubide guztiak dira, besteak beste etxebizitzarako eskubidea, osasun fisiko eta mentalerako eskubidea eta hezkuntzarako eskubidea. Hala, azterlan honetan bereizi gabe erabili ditugu adierazpen hauek: “eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak”, “EESK”, “eskubide sozioekonomikoak” edo soil-soilik “gizarte-eskubideak”.
129 Gizarte-eskubideak oinarrizko eskubide gisa aitortzea da joera nagusia Zuzenbide konstituzional konparatuan. Horri dagokionez, ikus, esaterako, Guillermo Escobar Roca (dir.), Derechos sociales y tutela antidiscriminatoria, Thomson Reuters Aranzadi, 2012, 95-285. or.
130 EESKen Batzordea, 10. Ohar Orokorra. Giza Eskubideen aldeko Erakunde Nazionalek eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak babesteko duten eginkizuna, NBE E/C.12/1998/20 dok., 1998ko abenduaren 1a, 3. paragrafoa.
131 BOE, 103. zk., 1977ko apirilaren 30a.
132 BOE, 142. zk., 1980ko ekainaren 13a.
133 International Court of Justice, Applicability of the Obligation to Arbitrate under Section 21 of the United Nations Headquarters Agreement of 26 June 1947, 1988ko apirilaren 26ko Iritzi Aholku-emailea, 57. paragrafoa.